Gau Beltza, gurean indartzen ari den ohitura zaharra

2023/11/02

Pozik egoteko moduan gaude. Gau Beltza, Arimen Gaua, aspaldian gurean ospatzen zen jaia, berreskuratzen ari gara. Pasa den astearte arratsaldean LH3tik LH6ra bitarteko ikasleak mozorroak prestatzen, koreografia bat lantzen, panpinak egiten edota makilatzen aritu ziren. DBHn dabiltzan Euskara Taldeko lagunak ere laguntzen aritu ziren zeregin horietan. Arratsaldeko azken unean, gainera, LH5eko eta LH6ko ikasleek ikuskizun bat eskaini zuten goiko pistan, eta horrela, gure ikasleetako asko mozorrotuta jaitsi ziren herrietara.

Lehen Hezkuntzako txikienak Marimototsekin eta Porrotxekin jolasean

2023/11/02

Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloko ikasleak Juanba Berasategi aretora joan ziren pasa den urriaren 10ean. Sorpresa polita jaso zuten, han zituzten zain Marimotots eta Porrotx. Amazoniaren inguruko kontuak izan zituzten hizpide "Ez gara jaitsiko" ipuina aitzakia hartuta. Abesten eta dantza aritu ziren, bai pailazoak eta baita ikasleak ere, eta bukatzeko, zuhaitz bat oparitu ziguten Lezoko ikastolako inguruan landatzeko.

Gau Beltzaren atarian Edurne Mitxeo gurean izan da giroa berotzen

2023/10/30

Gau Beltzaren atarian giroa berotzen ari zaigu Lizeoan! Goizean, Zabarre pirata, Mañita sorgina eta beste hainbat lagun etorri zaizkigu Edurne Mitxeok lagunduta... Laugarren mailako ikasleek adi entzun dituzte Gau Beltza ipuinaren sortzailearen istorioak eta aholkuak.

Besteak beste, sendabelarrez, naturaz, heriotzaz eta doluaz hitz egiten eta hausnartzen aritu dira.

Hendaiako ikastolako txokolatezko egutegiak, elkartasunez beteta

2023/10/27

Aurtengoan ere, Hendaiako ikastolako gurasoek txokolatezko egutegiak salgai jarri dituzte. Hendaiako ikastolak bizi duen egoera ekonomiko zailari aurre egiteko neurrietako bat da hau. Zurea nahi baduzu BETE FORMULARIO HAU urriaren 31a baino lehen eta etxera eramango dizugu zure seme-alabaren bitartez. Egutegi bakoitzaren prezioa: 10 euro

Haurren aurrean helduak heldu, ekimenak Trintxerpen

2023/10/26

Euskaltzaleen Topaguneak bigarren urtez antolatu duten "Haurren aurrean helduak heldu" ekimenera batu dira Trintxerpeko gurasoak. Urriaren 19an abiatu eta urriaren 29ra bitartean gauzatuko da. Ekimen horrek helburu bikoitza du: batetik, helduen arteko hizkuntza ohituretan eragitea eta, bestetik, helduek haurren hizkuntzaren ikaskuntza eta sozializazio prozesuan duten eraginaz sentsibilizatzea.

Antolatu dute egitarauan euskarazko karaokea, jolasak eta pintxo lehiaketa egin dituzte dagoeneko. 

Eskatu HERRIGORAko zure saskia!

2023/10/23

Aurten ere, nahi izanez gero, Lizeoaren bitartez ERRIGORA saskia erosteko aukera izango dugu. Eskaera egiteko formularioa HEMEN

Lizeoko komunitateko zenbait lagun bildu ditugu ERRIGORAz aritzeko; ikusi bideo honetan egin diguten gonbidapena:

Euskararen aldeko manifestaziora joateko autobus zerrendak

2023/10/20

Azaroaren 4an euskalgintzak deitutako manifestazio nazionala egingo da Bilbon, 17:00etan Euskaldunatik abiatuta.

Pasaiako eta Lezoko euskalgintzako eragileok manifestaziora joateko deia egin dugu eta bi herrietako udalen laguntzarekin Bilbora autobusez joateko zerrendak zabaldu ditugu.

LEZOKO ZERRENDA

Kalabazak hustu eta Arimen Gaua ospatzeko prest

2023/10/18

Ohitura zaharren berreskurapenean indarra hartu du azken boladan Gau Beltzak eta Lizeoan badaramatzagu urte batzuk ohitura hori berreskuratzen eta ospatzen. Ekimena antolatzeaz LH 6ko ikasleak arduratu ohi dira eta ikasturte honetan ari dira jada lan horretan. Beraz, urriaren 31n, Santu Guztien Egunaren bezperan, Gau Beltza ospatuko dugu Lizeoan (Beherago iaz ikasleek egin zuten antzezpenaren bideoa ikus dezakezue).

Guztiak gara desberdinak! Bost urtekoek ederki dakite

2023/10/17

Bost urteko geletakoek ELMER elefantearen ipuina irakurri eta landu dute azkeneko hilabetean. Denak desberdinak garela ikasi dugu ipuinaz baliatuz. Helburua norberaren identitatea eta irudi positiboa lantzea izan dira, norberaren eta besteen ezaugarriak onartzea eta errespetatzea. Ipuina irakurri ondoren ikasle bakoitzak bere ELMER elefantea margotu du eta mural ederrak sortu ditugu Antxoko, San Pedroko, Donibaneko eta Lezoko pasilloetan. Marrazkietan, bakoitzaren ELMER desberdina eta bakarra dela garbi ikusi dugu.

Igandean Nafarroa Oinez, Etxarri Aranatzen

2023/10/03

Gipuzkoako ikastolen festa ospatu berri, datorren astebururako Nafarroako ikastolen festa ate joka dugu. Etxarri Aranatzen izango da aurten Nafarroa OinezHotsein! lelopean. Edizio honetan larunbaterako ere programazioa atondu dute Andra Mari ikastolako lagunek. 

Lizeoko autobusa igandean aterako da Etxarriruntz eta izena eman nahi duenak osteguna aurretik egin beharko du. Hemen azalpen gehiago.

 

Orriak

-era harpidetu