2021/22 MATRIKULA ZABALIK URTARRILAREN 19tik 29ra.

Ikastola ezagutu nahi baduzue, honako estekan duzue bete beharreko galdetegia zuen bixita antolatzeko. 

 

MATRICULACIÓN DEL CURSO 2021/22 ABIERTA DEL 19 AL 29 DE ENERO.

Si quereis conocer la ikastola, en el siguiente enlace tenéis el formulario a rellenar para organizar vuestra visita. 


 

PASAIAKO UDALAREN ETA LIZEOAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA

 

Abenduaren 18an egindako udalbatzarrean, Pasaiako Udalak Lizeoarekin duen hitzarmena aho batez onartu zuen. Albiste garrantzitsua gure hezkuntza komunitatearentzat, ezbairik gabe.

Aurki egingo da hitzarmen horren sinatze ekitaldia. Baina, aurrerapen gisa, nabarmendu nahi dugu Pasaiako Udalean ordezkatuta dauden alderdi guztiek -PSEk, EH Bilduk, EAJk eta Podemosek- akordioan aitortzen dutela Lizeoaren jardueraren helburuak izaera publikoa duela. Denek ere gure ikastolak Pasaiako haur eta gazteen euskalduntzean egiten duen ekarpena nabarmentzen dute, eta, halaber, Udalarekin modu iraunkorrean egiten duen elkarlana.

Elkarlan eta aitortza horiek, dena den, ez dira kasualitate, Lizeoak sorreratik izan baitu izaera herritarra, ondo aski dakizuen bezala. Eta izaera hori da, halaber, hitzarmen honen nahiz Lezoko Udalarekin indarrean dagoenaren jatorria edo funtsa.

Hala, Pasaiako Udalarekin dugun hitzarmena ez da berria: 2001. urtean sinatuta akordioa du oinarri. Orain sinatu denak lau urteko iraupena du, eta bereziki jasotzen du Pasaiako egoera geografikoak eraginda ikasleak autobusez mugitzeak eragindako gastuan familiei laguntzeko asmoa duela.

Horrez gain, Udalarenak izan eta Lizeoak erabiltzen dituen edota Lizeoarenak izan eta herriak erabiltzen dituen eraikinen erabilera arauak ere jasotzen ditu.

Orain hitzarmenean jaso den ekarpena, aurretik zegoen hitzarmenaren aldean, gutxi gorabehera % 20 jaitsi da. Jaitsiera honek, badu hein batean bizitzen ari garen momentuarekin lotura: udal aurrekontuetan muga handiagoak daude pandemiaren eraginez.

Hori guztia kontuan hartuta, Lizeoko Artezkaritza Kontseiluan egindako balorazioak bietatik du. Oso pozik gaude, jakina, Udalak Lizeoari, aho batez, egin dion aitortzarengatik; baina, bestetik, eta egoera ekonomikoak hobera egiten duen neurrian, ekarpena lehengoratzeko eta diru kopurua handitzeko lanean jarraituko dugu udal ordezkariekin eskuz esku.


San Sebastian eguna 2021

Danborra hotsak entzun dira gaur Lizeoko eraikinetan. Neska-mutilek gogotik eman diote danborrari! Ondoren txokolatea bizkotxoarekin jan eta etxera! Sarriegiren doinuekin gozatu!


 

Atzoko Santo Tomas eguneko irudiekin osatutako bideo txiki bat hementxe. Zuentzat guztientzat opari...

 

 


Beno beno beno.... Zuen seme-alabak artista hutsak egina daude!! Klikatu honako esteketan LHo ikasleek egindako dantzen bideo desberdinak ikusteko, eta ea gu bezainbeste gozatzen duzuen.... 

1. Maila       2. Maila     3. Maila

4. Maila      5. Maila      6. Maila


SOLASALDIAK IDAZLEEKIN, IRAKURZALETASUNA SUSTATZEKO ASMOZ

Azken hilabetean Lizeoko maila nahiz ziklo askotako ikasleek idazle ugari ezagutu eta haiekin elkartzeko aukera ederra izan dute, Pasaiako Udalaren Euskaraz irakurzaletasuna sustatzeko egitasmoa-ren baitan. Pandemia egoera honetan, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan egin dira saio guztiak, osasun neurri guztiak aintzat hartuz eta, halaber, solasaldietarako giro atsegina bezain lasaia bermatuz.

Azaroaren 11n eta 13an, esaterako, LH 1 eta 2ko ikasleek adi-adi jarraitu zituzten Maite Franco ipuin kontalariaren saioak.

Abenduaren 4an, berriz, LH 4ko ikasleak Ibon Martin idazlearen bisita jaso zuten, Oninen abenturak bildumako eleberriak irakurri baitituzte ikasturte honetan. Galderak prestatuta joan ziren gure ikasleak, eta liburuak ere eraman zituzten, Martinek sina zitzan. Gainera, hark prestaturiko altxorraren bila jolasean aritu ziren, gogor eta gogoz.

Abenduaren 10ean eta 11n, bitartean, Antton Kazabon idazlearekin elkartu ziren DBH 1eko ikasleak, oraingoan, Euskal Idazleen Elkartearen Idazleak ikastetxeetan proiektuari jarraiki. Bisera gorria eleberriaren lanketa egin dute gelan, eta lan horri buruzko solasaldia izan zen, baita sortze-prozesuei buruzkoa ere.

Azkenik, eta abenduaren 11n ere bai, LH 3koek Mikel Santos Belatz komikigilearekin elkartzeko parada izan zuten, Munstro txikiak bilduma ardatz hartuta. Ikasleen galderei erantzuteaz gain, Santosek marrazkigileen trikimailuak eta sekretuak erakutsi zizkien. Hark egindako irudiak, gainera, geletako hormetan dituzte eskegita, oroigarri preziatu gisa.

Gabonak eta oporrak datozen honetan, beraz, jarrai dezagun irakurzaletasunaz gozatzen!


Aski ezaguna dugu Lizeoan Euskararen eguneko Euskaraoke lehiaketa. Aurten, egoerak agindurik, bideoklip lehiaketa bilakatu dugu, eta artea franko erakutsi digute lanean ahalegindu direnak. Biba zuek denak!

Aurrekoetan bezala, DBHko lehen zikloko ikasleak izan dira parte hartzaileak. Baina lanak LHko 3tik 6. mailara arteko gaztetxoen belarri eta begi zorrotzek aztertu eta epaitu dituzte. Eta bozketen emaitzak medio, hemen dituzue bi lantalde sarituetako ia partaide guztiak, Euskaraldiko poltsak eta kamisetak eskuan, Jaso besarkada bat, bide batez, honek etxean harrapatutakoak.

DBH 1D gelako Izar, Maren, Oihan, Julen, Beñat eta Amane

DBH 1B gelako Ane, Amaiur, Araia, Jare eta Aiala

Eskerrik asko ahaleginagatik,

eta ZORIONAK!


 

 

ABENDUAREN 3A, EUSKARAREN ETA IKASTOLEN EGUNA!! GURE EGUNA!!!

JASO LIZEOKO KOMUNITATEAREN BESARKADA GOXOENA BIDEO HONEN BIDEZ. 

GEHIAGO...

GEHIAGOTAN....

GEHIAGOREKIN...

                                                             BIBA ZUEK!!


 

 

Ei lagun! 

Euskarak ere goxo egon nahi du etxean.

Begira, begira zenbat gauza ikusteko, ikasteko eta jolasteko!