LH6koek Errenteriako Gureak lantegia barnetik ezagutu dute

Gureak lantegiek desgaitasuna duten pertsonei lanpostu bat eskainiz inklusioan sakontzea dute helburu nagusi. Lizeoan, gure aldetik, ikasleen artean inklusioa lantzeko asmoa ere badugu, eta horretarako, esaterako, Gureak lantegietako arduradunekin hainbat saio antolatzen ditugu urtero. 

LH6ko ikasleen kasuan, ikasturtero, bi saio antolatzen ditugu, lehenengoa teorikoa eta bigarrena, praktikoagoa. Lehenengo saio horretan Gureak lantegietako ordezkari bat etortzen zaigu gelara azalpenak ematera: desgaitasuna duten pertsonen inguruko datuak ematen dizkigu; Gureak zer den eta zertarako sortu zen; desgaitasunen bat duten pertsonen inguruko datuak ere ematen ditu; edota, gure herriak desgaitasuna dutenentzako prestatuta ote dauden eztabaidatzeko aukera ematen digu.

Ikasleentzako, bigarren saioa izan ohi da ikusgarriena. Hala, gelaka, Errenteria-Oreretako Masti-Loidi industriagunean duten lantegira bisita egin berri dugu. Lizeoko guraso den eta Gureak lantegian lanean aritzen den Aizpea Barrosek lantegia goitik behera erakutsi digu eta bertan lanean ari direnekin hartu-emana izan dugu. Zalantza asko argitzeko balio izan du txango honek eta goiz-pasa oso emankorra izan da.