Laginketak gure urmaelean eta Zurriolan, biologia mintegiak sustatuta

Martxan dira «Itsas Hondakinen Erronka» eta «Urmaeleko biodibertsitatea ezagutzen» proiektuak. Biologiako mintegiak bultzatuta, ikasleak haien ingurua eta bertako bizidunak ezagutzen ari dira, baita tokiko ingurumen arazo potoloei aurre egiten ere, ingurumenarekiko konpromisoa indartzeko. 

Estreinakoz igo dira aste honetan DBH 1eko ikasleak urmaelera. Zeregin garrantzitsuak dituzte esku artean, ekosistema horretako bizidunak lagindu beharko baitituzte: landareak, anfibioak, eltxoak eta burruntzi zein sorgin orratzak. Hartara, Aranzadiri datuak bidaliko dizkiete, Eskoletako Urmaek Sareko Mikroklima proiektuaren barruan. Halako ur-ekosistemen jarraipena egiteko balioko dute datuek, baita klima aldaketaren eraginak neurtzeko ere. 

Urmaela dela eta, aste honetan ere, Gasteizen izan gara proiektua aurkezten. Ikastolen Elkarteak antolatutako "Piztu jakin mina" praktika onak konpartitzeko topaketetan Saioa Olano eta Aitor Salaberria irakasleak gure proiektuaren berri ematen aritu dira.

Itsas Hondakinen Erronkaren baitan, berriz, DBH 3ko ikasleak Zurriolan izan ziren herritar zientzia egiten, mikroplastikoen laginketaren bitartez. Bildutako datuak erakunde ofizialek hondartzen egoeraren jarraipena egiteko baliatzen dituzte, eta ikasleak jabetu dira zein neurriko arazoari egiten diogun aurre. Datozen asteetan gure auzo eta barrutietako egoera zein den ikertuko dute, jarraian hondakinen arazoari konponbideak topatu eta ingurua eraldatzen saiatzeko.  

Momentuz, laginketetako irudiak bidali dizkigute, baina izango dugu haien aurkikuntzen berri!