Eskola trukeko herbeheretako ikasleak laster gurean

Herbeheretarrak iristear dira. Ostegunetik, (martxoak 7) astebetez, (martxoak 14) eskola trukean parte hartzen ari diren Batxilergoko lehen mailako ikasleen etxeetan hartuko dute ostatu. Roerdmond-eko BC Broekhin ikastetxeko 20 ikasle eta bi irakasle Lizeoan gora eta behera ibiliko zaizkigu

Gure ikasleak urtarrilean izan ziren herbeheretan eta esperientzia aberasgarria izan zen haientzako. Gogoratu, han bizi izandakoa ikasleen blogean jasota dagoela.

Holandako ikasleak ostegunean iritsi ahala familiak ezagutzeko tartea izango dute. Ostiralean, Lizeora igoko dira autobusez eta egitarau bete-betea izango dute: eraikina ezagutu, oinarrizko euskara eskolak jaso, esku pilota ezagutu eta Donibanera jaitsiko dira, hemengo ikasleek prestatuta, euskal gastronomia ezagutzera.

Bilbon Guggenheim ezagutuko dute, Aralarrera joango dira, Iruñera ere bisita egingo dute, eta Donostian, besteak beste, haizearen orrazia eta Aquariuma ezagutuko dituzte.

Etxerako hegazkina hartu bezperan gau kulturala antolatu dute, holandesek beren kultura erakutsiko digute Juanba Berasategi aretoan antolatutako ikuskizun batean.