LH3ko ikasleak bi urteko geletara jaitsi dira KULUNKAN egitasmoaren baitan

KULUNKAN egitasmoa hasi dugu. Urtero, bi urteko geletan lantzen dugun egitasmoa da eta gure komunitateko familien hizkuntza ohituretan eragiteko asmoa duen ekimena da. Batetik, astero, familiei erronkak proposatzen dizkiegu, familiaren euskara mailaren araberakoak. Gainera, eskulanak egiten ditugu elkarrekin eta euskaraz jolasten dugu. Bideo Honetan egitasmoaren informazio gehiago:

KULUNKAN proiektuak badu beste adar bat: Kulunkan laguna deitzen dioguna. Gure lau ikastetxeetako bi urteko ume bakoitzari LH3 mailako lagun bat izendatzen diogu. Bikoteak herri berekoak izango dira eta helburua da txikienak jakin dezala koxkorrena bere herriko parkean ikusten duenean harekin euskaraz lasai egiterik izango duela. Ikasturte honetako bikoteek jada elkar ezagutu dute, hain zuzen ere, pasa den ostegunean, LH3ko ikasleak San Pedrora, Antxora, Lezora eta Donibanera jaitsi ziren. LH3koek beren lagunentzako opariak jaitsi zituzten eta bi urtekoek hamaiketakoa prestatu zieten handienei. Jolasen eta kantari aritu ziren, gustura.

Hemen, Antxoko ikastolako eta Lezoko Ikastolako argazki batzuk: