Edurne Salaberria, gure Eguberrietako postalaren egilearekin hizketan

Edurne Salaberria Lezoarrak egin du aurten etxean jaso duzuen Eguberrietako postalaren irudia, harekin egon gara hizketan, postalaz eta baita Lizeoaz ere

 

Lizeoko ikasle ohia zara, baina zer gehiago da Edurne? Aurkeztuko al diguzu zure burua?

Lizeoa Arte Ederrak egiteko asmoarekin utzi nuen eta baita burutu ere.  Baina hezkuntzak tentatuta, lanbide, beste honako hau hartu nuen. Nire praktikaldi eta lehen lana Lizeoan egin nituen, portzierto. Hemendik nabil tiraka, gustura, lanean eta ikasten, eta lan honek sormenerako une asko eskaintzen dizkidan arren, marrazketari ere bere lekua aurkitzen saiatzen naiz.

Urtero Lizeoko komunitateko kide bati egiten diogu Eguberriko postala diseinatzeko eskaera, gonbita jaso zenuenean zer etorri zitzaizun burura?

Bere garaian urtero-urtero Beatriz Sarasua irakaslearen postala jasotzen genuen etxean, Beatrizen sagutxoak. Oraindik nire etxeko eguberritako apaingarri izaten jarraitzen dute, beraz Gabonetako postala egiteko gonbita ilusioz jaso nuen. Pena dut keinu gisa sagutxo bat ez sartu izana postalean…

Olentzero, Mari Domingi, astoa… zer erakutsi nahi diguzu postalean?

Gabonekin lotzen ditugun pertsonai eta animaliak, gure lurraldea irudika dezaken, –mendi eta itsasoa – inguru batean kokatzen saiatu naiz. Beraiek erromeri gisan doaz, desfilean, jai hauek pixka bat holaxe izaten baitira. Eguneko zein gaueko jaiak. Koloreak, oso udazkeneko koloreak sartu ditut, nahiz eta jakin, Gabonetan urtaroz ere aldatzen dugula. Baina bueno, urtaro honetako kolore edo ezaugarriekin gehiago lotzen ditut, neguko elur malutekin baino.

Eta zein teknika erabili duzu?

Akrilikoz margotua dago, nahiz eta amaierako detaileak arkatzarekin egin ditudan.

Zure ikasle garaiko oroitzapenen bat konpartitzeko eskatu nahi dizugu… nola gogoratzen duzu Lizeoan eman zenituen urteak?

Oroitzapenak pila bat ditut, bat aukeratzea zaila, eta kontatzeko modukoak… Oroitzapen polit bat, bi ikasturte igaro ondoren orduko irakasle bati egin genion agurra: Maria Luisa Madina, 10 urte genituen. Denon artean kristoren agurra prestatu genion: abesti bat egin genion, oraindik nik uste gogoratzen duguna, lore sorta, bakoitza ikasten ari zen instrumentuarekin pieza bat jo genion, etab.

Bukatzeko, zer esango zenieke, urte berria datorrela eta, Lizeoko komunitatea osatzen duten familiei?

Beti azpimarratzen da, haurren hezkuntzan, ikastetxe eta familien arteko elkarlanak duen eraginak. Beraz, zortekoa iruditzen zait familien parte hartzea edo eta laguntzarekin kontatzeak. Beraz, urte berriarekin ere, jarrai dezagun elkar zaintzen. Urte berri on!