Auzolanean eraiki genuen urmaela bizirik dago

Urmaeleko bizitzak eztanda egin du! Udako giro onari esker, tankera eta mota guztietako bizidunak iritsi dira, haien kabuz, urmaelera: txantxikuak, haien zapaburuak, ihiak eta lezkak (uretako landareak), burruntziak, sorgin orratzak, zapatariak... Horietako batzuk neguan ere ikusiko ditugu, besteak, ordea, udaberrira arte ez. 

Sorgin orratzak eta burruntziak dira horietakoak. Ikusi dituzue inoiz haien hegaldi akrobatikoak? Ikusi dituzue urmael bazterreko landare eta makiltxoetan pausatzen? Zoritxarrez, apirilera arte ez ditugu berriro hegan ikusiko. Dena den, nora joan ote dira? Non igarotzen ote dute negua, udaberrian berriz ere itzultzeko?

Zalantza hori argitzeko jo zuten DBHko ikasleek urmaelera, laginketa zientifikoa egitera, abenduaren 4ko Hedatze saioan. Zirraraz ekin zioten Aranzadi Zientzia Elkartearentzat informazio bilketari, eta datu baliotsuak bildu zituzten. 

Zehazki, urpeko bizidunak lagindu zituzten. Horretarako, urmaeleko txoko guztietatik salabardoa pasa, eta topatutako bizidunak bildu, sailkatu eta identifikatu zituzten. Eskerrak Batxilergoko lehen mailako Biologiako ikasleek bizidunak sailkatzeko gida sinpleak prestatu zizkietela. 

Badakizu zein bizidun topatu zituzten? Burruntziak eta sorgin orratzak! Beno, haien larbak. Helduak ezagutzen ditugu, baina larbak ezezagunak dira. Irudi ikusgarriak lortu genituen izaki horiek ere ezagutzen joateko, baita ederki pasa ere. 

Saioaren amaieran, urmaela txukundu, eta hurrengo batean errepikatzekotan gelditu ginen. Izan ere, halako laginketak urtean zehar errepikatu egin behar izaten dira, garai bakoitzean bizidun batzuk ala beste batzuk izaten diren jakin ahal izateko.