ERRIGORAKO SASKIAK NAFARROATIK ZUEN ETXEETARA

Ikasturte honetan ere, martxan da ERRIGORA ekimena saski salmentarekin hasita. Jakingo duzuenez, auzolanean oinarritzen den ekimen honek bi helburu nagusi ditu:

Lehena, Nafarroako Erriberako propio diren produktuak Euskal Herriko plazan jarri, eta horrela bertako nekazaritza indartu. Izan ere, merkatu globalizatuak konpetentzia baldintza gogorretara behartzen ditu bertako lehengaiekin lan egiten duten ekoizleak.

Bigarrena, nafarroako “zona no vascofona” izendatuko euskalgintzari ekarpena ere egin nahi dio. Izan ere, azken urte hauetan proiektu honek izan duen arrakastaz jabetzeko, 1.700.000 € banatu ditu bertan ikastola, euskaltegi eta euskara elkarteen artean. Horretaz gain, nafar erriberan era askotako proiektuak jarri dira martxan euskaraz baliabide horiekin: ludotekak, kirol taldeak, kultur ekimenak, etab.

Horretara dator “EUSKARARI PUZKA” kanpaina. Nafarroa hegoaldeko produktuez osatutako saski bikaina jaso dezakezu; kalitate bikaineko produktuak, bertan ekoiztuak eta nekazarien lana aitortzen dutenak. Eta merkatuko prezio berean! baina desberdintasun nabarmen batekin: %25 euskarari bideratuko zaiola herritar askoren lan boluntarioari esker.

Lortu dute, malabarismoak eginez, eskaintzen diren hiru saskien prezioak mantentzea, produktuen kalitatea bermatuz: beltza (klasikoa) 55 €-tan, berdea (ekologikoa) 65 €-tan eta zuria (berezia) 75 €-tan. Saski barruan doazen produktuak ikusteko eta eskaera egiteko sartu ESTEKA HONETAN.