ZUEN SEME-ALABEK KASKETA BAT IZAN AL DUTE INOIZ?

Bada, egoera horri buelta emateko ez daukagu mirari errezetarik, baina laguntzeko prest gaude. Pasaia-Lezo Lizeoko Orientazio Departamentuko lan-taldeak bideo bat ekoiztu du “kasketen” gaia lantzeko. Nadia Shireen idazlearen “Barbarak kasketa bat dauka” ipuina oinarritzat hartu dugu.

 

Barbarak egun txar bat du, lagunekin jolasteko gogorik ere ez du, izozkia jateko gogorik ere ez… bere haserrea handitzen, eta handitzen, eta handitzen ari da kasketa bilakatu arte. Baina, hara non, kasketak bizia hartuko du eta Barbararekin elkarrizketa xelebre bat hasiko du. Azkenean, Barbarak barnean duen korapiloa askatzea lortuko du. Kasketa bat txiki-txiki egiteko sekretua zein den ezagutzeko bideoa ikustera gonbidatu nahi zaituztegu. Ipuinaren bukaeran haserrealdi motak ezagutzeko gida txiki eta interesgarri bat ere aurkituko dugu.

 

Barbararen istorio txiki hau Pasaia-Lezo Lizeoko web orriko Adimen Emozionala atalean topatuko duzue. Haserrea ataleko “1 Bideoa” da aipatzen ari garen hau, hain zuzen ere. Dena den, beste behin, Adimen Emozionala estekan klik egiteko gonbita egin nahi dizuegu. Material interesgarriak aurkituko dituzue zuen seme-alaben hezkuntzarako lagungarri izango diren zenbait gaien inguruan, hala nola, emozioak, enpatia, mugak, zigorrak…