Ei lagun! 

Euskarak ere goxo egon nahi du etxean.

Begira, begira zenbat gauza ikusteko, ikasteko eta jolasteko!

BADIATIK MUNDURA, EUSKARAZ

Ohi bezala, indartsu ospatu genuen Euskararen Eguna Lizeoan. Eraikin nagusian, esaterako, Euskaraokeaz gozatzeko aukera izan zen goizean, jangelan: DBH 2. zikloko Euskara Taldeko ikasleak antolakuntza eta aurkezle lanetan, DBH 1-2ko ikasleak oholtzan, eta LHko ikasleak ikusle. Sinergia indartsua, eta emaitza bikaina. Ederki pasatu zuten guztiek. 
Arratsaldean, berriz, aurtengo ekitaldi nagusia egin zen, goiko pistan. Gure badia ardatz hartuta, eta ekitaldirako propio ekoitzitako paperezko zein kartulinazko itsasontziak lagun, ikasleek euskararen aldeko mezuak zintzilikatu zituzten goiko pistako sarean. Metafora erraza, baina esanahiaz beterikoa: euskara gure badiatik mundura zabaltzea. 
Honatx, hain zuzen, ekitaldian esandako hitzak: 
Goizetik hasi gara aurtengo euskararen egun hau ospatzen, gaurko egunean ere gure hizkuntza plazara ateratzen. Tontorretik erortzen hasten den erreka txikitik itsas zabaleraino ur tanta bakoitzak dakar bizitza, ur tanta bakoitzak ematen dio bizitza gure inguruari eta hemen gaude gu, euskarari bizitza emateko prest gauden ehunka tanta. 
Gure badia dugu aurrean,  Lezo eta Pasaiaren erdian dugu itsasoa, ditugu ur tantak. Itsasoa bera da gure herriko plaza, baina beste plazek ez bezala, honakoak batu baino banandu egiten gaitu. Topatu ditugu, ordea, urteen poderioz elkartzeko mila modu, mila ontzi eta mila irri. Hitzek eta elkarrizketek elkartzen gaituzten gisan elkartu gaituzte itsasontziek. Badiaren lau barrutiak eta Lezo hitz ederrez josi ditugu arraunen uberen edota motorren burrunben bitartez. 
Batu ditzagun, hortaz, haiek ere gaurkoan. Geure hizkuntza zahar eta txiki honek itsasontziek batzen gaituzten gisan batzen gaituenez, biak elkartzeko asmoz gatoz. Euskararen aldeko zuen mezua, zuen aldarria idatzi duzue itsasontzi bakoitzean, eta, jarraian, sarean zintzilikatuko dituzue, gure badiatik mundu osora zabal daitezen aldarri horiek. 
Beraz, haizez puztu euskararen belak, bai; gaur eta egunero, bai, munduan zehar olaturik altuena ere nabiga dezan, mendez mende egin duen gisan.