GURE IKASTOLAREN URTEKO BATZARRA, ABENDUAREN 18AN

Urtea amaitzearekin batera egingo dugu, ohi bezala, gure ikastolaren Urteko Batzarra. Datorren abenduaren 18an izango da, hain zuzen, 18.30ean hasita, Donibanen dugun eraikin nagusiko liburutegian.

Eta erabakitzeko irrikaz gaude, bai. Izan ere, 2013-2014 Urteko Planean aurreikusita dugun bezala, Lizeoko Erakundearen dokumentuak eguneratzeko proposamena garatu baitugu Gogoeta Foroan eta Artezkaritza Kontseiluan. Lan hau, halaber, Lizeoko estamentu desberdinetan -gelaburuak, langileak eta herrietako foroak- kontrastatu da, eta orain erabakia hartzeko momentua iritsi da.

Badugu, beraz, zer konpartitu eta erabaki; baina badugu ere zer baloratu eta zer egin. Urteko Batzarra da Lizeoko erabakigune nagusia, eta bertan dugu hitz egin eta erabakitzeko aukera.
Batzarrak duen garrantziaz erreparatuta, bazkideon parte hartzea errazten saiatu da Lizeoko Artezkaritza Kontseilua. Besteetan bezala, Lizeora etortzeko autobus zerbitzua egongo da -arratsaldeko 18:00etan aterako da San Pedrotik, ohikoak diren geldiuneetan jendea hartuz-, eta euskara ulertzen ez duten bazkideentzat aldi bereko itzulpena jarriko dugu.
Honako hau da, hain justu, batzarraren gai ordena:

  • Presidentearen agurra
  • 2012/13 ikasturteko jarduera pedagogikoa eta ekonomikoa
  • 2013/14 ikasturteko ildo nagusiak eta aurrekontu ekonomikoak
  • Artezkaritza Kontseiluaren berritzea
  • Plan Estrategikoa, 2013-17rako proposamena
  • Galderak eta iradokizunak

Bertaratzeko aukerarik izan ezean, jakin badakizue bazkide bakoitzak beste bi bazkideren bozka delegatu eraman ditzakeela batzarrera.