LIZEOKO 17 IKASLE PASAIAKO HARRERA PROTOKOLOAREN DISEINUAN PARTE HARTZEN ARI DIRA

Pasaiako Udalak prozesu sakona abiatu zuen orain bi urte, helburu garrantzitsu bezain argi batekin: Pasaiara etorri berriak direnentzako harrera protokoloa zehaztea, pasaitarren eta gaiarekin harreman zuzena duten eragileen parte hartzearekin.

Gure ikastolako 17 ikasle prozesu horretan esku hartzen hasi ziren iragan ikasturtean, udalerriko beste hainbat ikaslerekin batera. Gogoz hartu zuten emandako aukera, eta, gaia garrantzitsutzat jotzeaz gain, hezkuntza zentro edo komunitateetan harrera hori gauzatzeko proposamena edo ekarpena egin zuten: irakasleen arduradun izango den lagun bat aukeratzea, iritsi berriei zentroa erakusteko eta, lehen asteetan, eskolaren zein herriko jardueren berri emateko.

Lanari jarraipena emate aldera, prozesuan parte hartzen ari diren ikasleak eta udaleko teknikariak Lizeoan bildu ziren iragan astean. Gazte eta nerabeak etorri berrien harreran eragile kolektibo bihurtzeko dinamika garatzea da epe motzera duten helburua.

Prozesua azken txanpan dago, eta heldu den urtearen hasieran eman nahi zaio amaiera, harrera protokoloaren behin betiko onarpenarekin.