‘FIVE DAYS TO DANCE’: PROIEKTU PEDAGOGIKO BERRITZAILEA GUREAN

DBH-3ko gure ikasleek esperientzia ezberdina, sakona eta kitzigarria bezain eraginkorra bizi izan dute aste honetan, Five days to dance proiektuari esker.

Atzerritik gurera egokitutako egitasmo pedagogiko berritzailea da Five days to dance, eta lau sustatzaile edo eragile ditu. Batetik, gure ikastola bera, eta proiektuaren sortzaile De LooPERS-dance2gether elkartea. Bestetik, Ikuska Pasaiako Film Laburren Lehiaketa eta Donostia 2016. Azken horrek egitasmoa babestu eta diruz lagundu du, arras interesgarria dela iritzita, eta, hala, hezkuntza arlora hedatzeko asmoa du. Ikuskaren aurtengo egitarauan, berriz, Five days to dance dokumentala eman zuten iragan igandean, eta igande honetan San Pedroko Ontziolan izango den emanaldia ere Ikuskaren baitan kokatu behar da.

Izan ere, igandean, hilak 23, bost egunean ikasitako koreografia erakutsiko dute ikasleek Albaolaren egoitzan, 12:00etatik aurrera, Lizeoak KEI akreditazioa jasotzeko antolaturiko ekitaldiaren baitan. Igandekoak, beraz, amaiera emango dio proiektu berritzaile honi.

Baina amaiera bezain garrantzitsua da horra iristeko prozesua; aste honetan Donibaneko kiroldegian, eta eskola orduetan, gure ikasleek egindako saioak, alegia. Gogorrak izan dira saiook, hunkigarriak eta aberasgarriak ere bai. Baina, batik bat, emankorrak, oso emankorrak. Dantza ardatz hartuta, oinarrizko konpetentziak eta baloreak landu dituztelako egunotan: auto-konfiantza eragitea eta ikasleen arteko komunikazioan laguntzea, ikasleek onartuak dituzten rolak zalantzan jartzea, elkarrenganako ezagupena bultzatzea edota elkartasunaren garrantzia azpimarratzea, besteak beste. Eta hori guztia, ingelesez. To marka!

Hemen dituzue, ikusgai, egunotako argazki batzuk. Igandeko emanaldiaren zain, gozatu!