PSIKOMOTRIZITATEAREN LANKETA HAUR HEZKUNTZAN

Mugimenduaren bidez pertsonaren garapen fisiko, psikiko eta soziala ahalbidetu, erraztu eta suspertzen duen gaitasuna da psikomotrizitatea.

Hala, umeari espazioa eta mugimendua ikertzeko aukera eman behar diogu, bere ikaskuntzaren kudeatzaile bihurtuz. Honela, haurrek barruan dutena kanporatzen dute, eta mugimenduarekin, ahotsarekin eta begiradarekin munduaren ikuspuntua adierazten dute.

Lizeoko Haur Hezkuntzako (HH) geletan, esaterako, psikomotrizitatea lantzeko saioak egiten dituzte maiz. Saio horietan espazioaren, objektuen eta pertsonen arteko harremanak sortzen dira, horrela, motrizitatea, afektibitatea eta ezagutza bat eginez.

Txikitatik psikomotrizitatea lantzea, beraz, garrantzitsua da. Honako hauek dira helburu nagusiak, HHko irakasleen esanetan: “Norberaren ezagutzea eta onartzea, portaera egokitzea, eta norberaren autonomia garatuz bizitza sozialean baliabideak eskuratzeko gaitasunak hobetzea”.

 

SAIOEN ANTOLAKUNTZA

HHko geletan egiten dituzten saioetan, lehenik, zapatak eta galtzerdiak kentzen dituzte ikasleek nahiz irakasleek, gelara sartu baino lehen.

“Gelara sartu eta gero, ispiluaren aurrean esertzen gara, eta non gauden eta arauak zeintzuk diren gogorarazten diegu ikasleei”, kontatu dute irakasleek. “Hau da, ezin dela minik egin eta ezin dela minik hartu”.

Jarraian, jolasteko momentua da. “Une horretan, haur bakoitzak nahi duena egin dezake, beti ere, minaren araua errespetatuz. Irakasleok ez dugu zer egin edo zer ez egin esaten, eta haurrek dituzten materialak aprobetxa ditzakete: blokeak, txirrista, aldamioak…”.

Jolas motorra da ohikoa; hau da, korri egin, jauzi, igo, jaitsi… Baina jolas sinbolikoari ere lekua uzten diotela zehaztu dute irakasleek: “Piszinak egin blokeekin, etxekoak, trena…”.

Gela jasotzeko garaia iristean, haurren eta irakasleen artean egiten dute, eta ondoren, berriz ere, borobila egiten dute, haien esperientziak kontatzeko. “Haurrek zer egin eta zer moduz pasa duten adierazteko erabiltzen dute une hau. Irakasleok, aldiz, arauak bete dituzten edo ez adierazten diegu”. 

Bukatzeko, eta beti ere adinaren arabera, abesti bat kantatzen dute, ipuin bat kontatu, edota marrazki bat egin.