PREST! euskaraz bizitzeko mosaiko erraldoia osatzeko ekitaldia

Pasaian euskaraz bizitzeko nahia duen jendea edota euskaraz bizitzeko bide horretan ahalegina egiten ari den jendea biltzeko ekitaldia prestatu dugu hainbat eragilek datorren larunbaterako:  Donibaneko Prest euskara taldeak, Kuadrillategik, Pasaiako Irrien Lagunak-ek, Ikastetxeek, Euskaltegiek, Merkatariek eta Udalak.

Elkarrekin lan egiten badaramagu pare bat urte, Pasaiarako Euskararen Plan Estrategikorako proposamenak botatzen hasi ginen aurrena (2011ean) eta proposamenok gauzatzen elkarrekin ari gara, lan talde desberdinetan martxan jarri beharreko ekintzak lantzen eta erabakitzen.

Sektore eta ekimen bakoitzak bere lan propioa egiten du urte guztian zehar eta urtean behin denak biltzen gara gutako bakoitzak urtean zehar egin duguna ezagutzeko eta hurrengo urterako egin asmo duguna partekatzeko. Bilera honetatik denak indartuta ateratzen gara, Pasaian euskararen erabilera indartzeko lanean ekimen asko eta jende asko ari garela ikusten baitugu.

Eta, 2012ko bilera orokorrean, guk sentitzen genuen indar hori biderkatu eta herritarrei transmititu behar geniela erabaki genuen. Hori da, hain zuzen ere, maiatzaren 25erako prestatu dugun ekitaldiaren xedea.

Ekitaldiaren  egitaraua xumea da:

12:00etan hasita:

- Albaolako ontzi batek ekarriko du badian barrena Prest leloa oihalean

- Ontzia datorren bitartean Kuadrillategiko gazteen batukada izango dugu giroa alaitzen

- Ekitaldiaren aurkezpena Prest euskara taldeko ordezkariek egingo dute

- Esti Etxeberria San Pedroarrak pare kantu eskainiko dizkigu

- Mosaikoa osatzeko entsaioa egingo dugu tartean

- Ikastetxeetako haurrek “euskaraz bizi nahi dut” Esne Beltzaren abestiaren koreografia dantzatuko     dute

- Mosaikoa osatu eta bideoz grabatuko dugu

- Andoni Ollokiegi Donibaneko gaztearen kantu pare bat.

- Agurra: bertso bat abestuko dugu bildutako guztiok.

Mosaikoa osatzeko logoaren hizkiak eragileetako kideen artean banatu dira:

·        P: Prest euskara taldeko kideek

·        R: Kuadrillategiko gazteek

·      E: Pasaiako Irrien lagunek

·        S: ikastetxeetako ikasleek

·         T: Merkatariek

·          !: euskaltegietako ikasleek

Halere, mosaikoa osatzen parte hartu nahi duten herritarrek ere izango dute lekua hizkien bueltan eta inguruan biltzeko. Kartelean irudikatu den argazki handi bat osatuko dugu guztion artean.

Mosaikoa osatzeko prozesu guztia kamarek grabatuko dute eta 2-3 minutuko bideoa osatuko da gero Pasaian hedatzeko.

Besterik gabe, beraz, leloarekin bat egiten duten elkarte, zerbitzu eta herritarrei mosaikoan parte hartzeko gonbita egin nahi diegu ekitaldia antolatu dugun eragile guztien izenean.

Pasaian, 2014ko maiatzaren 13an

ANTOLATZAILEAK: Donibaneko Prest euskara taldea, Kuadrillategi, Pasaiako Irrien Lagunak, Ikastetxeak, Euskaltegiak, Merkatariak eta Udala.