BATXILERGOKO 2. MAILAKO IKASLEAK ZIENTZIA MUSEOAN

Urteroko legez, apirilaren 9an Batxilergoko 2. mailako Fisikako taldeko ikasleak Miramonen dagoen Eureka Zientzia Museora joan ziren, Mikel Etxaniz irakasleak lagunduta. Ez ziren soilik Museoa ikustera joan; bertako modulu asko gelan ikusitako edukiekin zuzenean lotuta daudenez, ikasleek lan bat egin zuten modulu horien inguruan.

Zehazki, museora joan aurretik norberaren moduluari buruzko informazioa bildu eta hipotesi batzuk bota behar izan zituzten, gertatuko zena aurrikusiz; hipotesiak bertan egiaztatu ondoren, beste ikasleei azaldu zieten moduluan gertatzen zena; eta ondoren, ondorioak atera zituzten, aurresandakoa baieztatuz edo osatuz.

Lan horrek, noski, bere eragina izango du ebaluazio honetako emaitzan.

Landu zituzten moduluak elektrizitatea eta magnetismoaren esparrukoak ziren, baita optikaren esparrukoak ere.

Lana bukatu ondoren elektrizitateko tailerrean zenbait esperientzia ikusgarri ikusi eta aztertzeko aukera ere izan zuten.