ABIAN DA ‘MARINEL GAZTEA’ PROIEKTUA

Seigarren urtez jarraian, eta Albaola elkartearekin elkarlanean, gure ikastolako hainbat ikaslek Marinel Gaztea izeneko proiektuan parte hartzen ari dira. Hiru saio egin dituzte dagoeneko.

Denera, 15 ikasle inguru parte hartzen ari dira proiektuan ikasturte honetan. DBHko 1. Eta 2. zikloetakoak guztiak, ikasketetan arazoak dituzten ikasleak dira, ikasketekiko desmotibazioa dela medio. Desmotibazioaren oztopoa, ordea, haientzat erakargarria den proiektu honetan parte hartuz gainditzea lortzen da. Eta oztopo hori gaindituz, irteera profesionaletarako bidea irekitzen da, etorkizuneko ofizioetarako motibazioa piztuz.

Hala, ikasturtearen azken hiruhileko honetan, ikasleak San Pedrora jaisten hasi dira asteazkenero, bi taldetan banatuta: batzuk itsasora irtetzen diren bitartean, besteak Albaolak kudeatutako Ontziolan aritzen dira, tailer lanak eginez. Izan ere, erronka polita dute gure ikasleek: ontzi baten eraikuntzan lan egin, ontzi horrekin, ondoren, Atlantic Challenge itsas topaketan parte hartu ahal izateko udan.

Proiektu honen onurak, ostera, ez dira hor amaitzen. Zeharkako helburuak ere izan baditu: hala nola, talde diziplina ikastea eta errespetatzea, antolaketaren garrantziaz jabetzea edota sentimenduen adierazpenetan trebatzea.

Webgunearen Argazki bildumak atalean ikus daitezke orain arte egindako saioei buruzko hainbat argazki.