Estatuen esku-hartzea salatzeko elkarretaratzeak deitu ditu Kontseiluak

Kontseiluak herritarrei dei egiten die, apirilaren 9an, euskararen normalizazioa helburu duten neurriak babesteko eta Estatuen esku-hartzea salatzeko egingo diren elkarretaratzeetan parte hartu dezaten. 
Lezoko Plazan eta Antxoko Zumardian 19etan.

 

Aurrekoan Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijoren bidez euskararen normalizazioa galgatzeko abiatutako erasoaldia salatu genuen eta epe laburrean herritarrei erantzuna emateko aukera eskainiko geniela iragarri. Bada, horixe bera da gaur Kontseiluak egin duena.

"Herritarrei dei egiten diegu, datorren astean, apirilaren 9an, euskararen normalizazioa helburu duten neurriak babesteko eta Estatuen esku-hartzea salatzeko egingo diren elkarretaratzeetan parte hartu dezaten", esan du Kontseiluko idazkari nagusiak. Paul Bilbaorekin batera agerraldian izan dira errekerimenduak jaso dituzten hainbat udalerritako euskalgintzako kideak, besteak beste, Bergara, Billabona, Oiartzun, Tolosa eta Zarauzkoak.

Euskararen normalizazio prozesuaren aurkako Estatuen esku-hartzeak ez dira berriak, mendez mende pairatu behar izan ditugu horrelakoak euskaldunok, euskal hiztunok. Gertatzen dena zera da, azkenaldian aspaldiko erarik agerikoenean ari direla bi Estatuak, inolako mozorrorik gabe.

Espainiako estatuak LOMCE legea onartu du, besteak beste, euskarazko murgiltze ereduaren hazkundea galgatu nahian eta Frantziakoak ere ikastolen aurka egin du, murgiltze ereduaren aurka, 1850eko Falloux legea baliatuz.

"Baina horiek ez dira azkenaldiko kanpo esku-hartze bakarrak izan. Estatu espainiarreko ordezkariak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta beste 46 udalen aurka egin du azken hilabeteotan, hizkuntza-politikari lotutako hainbat arlotan. Lehenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurka egin zuen, 2009an hartutako erabakia, kontratazioetan hizkuntza-irizpideak jartzea, betetzen hasi zelako. Ondoren, UDALETIK programaren baitan erabaki berbera hartua zuten udalen aurka egin zuen, hauek hizkuntza-irizpideen inguruan adostutako erabakiaren kontra joz eta banan-banan salatuz.

Era berean, hainbat udali (Eskoriatza, Pasaia, Ondarroa, Erandio...) indarrean dituzten euskara planak bidaltzeko eskatu die. Azkenik, hizkuntza-irizpideekin lotutako edozein erabaki jakinarazteko agindua eman die hainbat udalei. Bada, gure azken agerraldia egin genuenetik errekerimendu gehiago izan dira", adierazi du Bilbaok.

Hizkuntza ororen normalizazio prozesuaren gaineko erabakimena baina, 1996ko ekainaren 6an Bartzelonan onartu zen Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak aitortzen duenez, soilik hizkuntza horren hizkuntza-komunitateari dagokio.

Deklarazioaren 9. artikulua argia eta zehatza da zentzu horretan:Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du zeinek bere hizkuntza-sistema kodetzeko, estandarizatzeko, garatzeko eta sustatzeko, derrigorturiko edo induzituriko interferentziarik gabe. Alegia, hizkuntza-komunitateak eskubidea duela bere hizkuntza normalizatzeko politika definitzeko eta garatzeko inolako kanpo esku-hartzerik gabe.

Bada, nazioartean aitortutako eskubide horretan oinarritzen da, besteak beste, 2012an Kontseiluko Batzar Nagusiak onartutako Euskararen gutxienekoak zehazteko adierazpena dokumentua. Bertan, kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politikarako eskubidea ez ezik, hizkuntzaren estatus egokia ere definitzen da, alegia, Estatuek euskararen normalizazio prozesuak aurrera egin dezan errespetatu beharreko gutxienekoak.

Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu duenez, "udalek euskararen normalizazioan aurrera egiteko hartu dituzten neurriak, herritarron eskubideak bermatzeko urratsak dira eta zentzu horretan herritarroi ere badagokigu neurri horiek babestu eta kanpo esku-hartzea salatzea. Horretarako, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijoren mehatxu eta salaketak jaso dituzten udalerrietan elkarretaratzeak egingo ditugu apirilaren 9an". Kontzentrazioak herrietako Udaletxe aurreko plazetan egingo dira "Estatuen esku-hartzea gelditu" lelopean eta lelo hori irudikatzeko eskuak koloretako margoekin busti ondoren, gelditzeko keinua egingo zaie Estatuei.

Herritarrak egunerokoan euskaraz bizitzeko hautua egiten jarraitzera animatu ditu Kontseiluko ordezkariak eta instituzioak euskaraz bizi gaitezen neurriak hartzera. "Guk, euskalgintzak, hizkuntza-politika eraginkorrak ezartzeko bidean urratsak ematen dituztenak babesten jarraituko dugu. Ondoan izango gaituzte".

Momentuz, hauek dira elkarretaratzea egingo dituzten herrien zerrenda: Arrasate, Basauri, Bergara, Errenteria, Galdakao, Lekeitio, Lezo, Oiartzun, Ondarroa, Otxandio, Tolosa eta Zarautz.

 

    Estatuen esku-hartzea GELDITU! Ap-9an elkarretaratzeak "euskaraz bizi nahi dut" from Euskararen Kontseilua on Vimeo.