GURE IKASLEEN TXANDA HERBEHEREETAN

Ostiralaz geroztik, hilak 4, gure ikastolako 22 ikasle eta bi irakasle ditugu Herbehereetan. Lizeoko Batxilergoko lehenengo mailako ikasleak dira guztiak, eta astebete emango dute han, Lizeoak Roermond hiriko Bisschoppelijk College Broekhin institutoarekin elkarlanean antolaturiko eskola trukearen baitan.

Ekimena ez da berria, ezta gutxiago ere, baina berezitasunik badu aurtengoak, eskola truke honen hamargarren aldia baita. Era honetara, ikasle herbeheretarrek otsailean Euskal Herrira egindako bisita itzuliko diete orain Lizeoko ikasleek.

Herbehereetan pasako duten astebetean, ekimenez beteriko egitarauaz gozatuko dute gure ikasleek, beti ere gure senidetutako ikasle herbeheretarren laguntzarekin. Haien etxeetan hartuko dute ostatu, eta, besteak beste, Maastricht, Amsterdam eta, jakina, Roermond hiria bera ezagutuko dituzte bertatik bertara. Esaterako, Anne Frank zenaren etxea bisitatuko dute Amsterdamen, aurtengo egonaldiaren berrikuntza nagusienetakoa dena.

Osteguna 10ean, berriz, egonaldiaren puntu gorena iritsiko da: kultur ekitaldia edo cultural evening delakoa. Egun horretan, gure ikasleek Euskal Herriko kultura, hizkuntza eta ohiturei buruzko saioa eskainiko diete trukean parte hartzen ari diren ikasle eta sendi herbeheretarrei.

Eta hurrengo egunean, hilak 11, itzuliko dira gurera, maleta bete oroitzapenekin.

Eskola trukearen blogean ikus eta jarrai daiteke, hain zuzen, egonaldiaren eguneroko zehatza: eguneko kronika, argazkiak, bideoak… den-dena gure ikasleek egina. Sartu eta gozatu!