Ei lagun! 

Euskarak ere goxo egon nahi du etxean.

Begira, begira zenbat gauza ikusteko, ikasteko eta jolasteko!

IKASTOLA MUNDURA, ETA MUNDUA ZARAUTZERA!

Igande honetan, hilaren 6an, Kilometroak jaia izango da Zarautzen, bertako ikastolak antolatuta eta Ni, hi, hura ikastola mundura! lelopean. “Ni-ak hi-a behar du izateko, eta hi-ak ere bai ni-a. Ni-ak eta hi-ak, halaber, hura behar dute izateko. Elkarrekin gaudelako gara”, adierazi dute antolatzaileek, leloari erreparatuta. “Norbanakoaren errespetuan eta bestearen aitortzan oinarrituta, elkarren artean egin, sortu eta eraiki dugula eta eraikiko dugula azaldu nahi dugu”.

Lizeotik Kilometroetarako gonbitea egiten diogu gure hezkuntza komunitate guztiari, Kilometroak eta ikastolen mugimenduak antolaturiko beste lau jaiak, oraindik ere, ezinbesteko zaizkigulako ikastola hezkuntza proiektuak iraun ahal izateko. Auzolanean oinarrituz sortu ziren Kilometroak gisako jaiak; eta auzolanari eutsiz, guztion lanari eta ekarpenei esker, sortuko ditugu ikastola berriak eta egunez egun indartuko dugu ikastolen mugimendua.

Gonbidapena, gainera, hirukoitza da. Batetik, jai egunaz gozatzeko gonbitea egiten dizuegu. Kontuan hartuz Zarautzera joateko Euskotrenek zerbitzua baduela, aurten Lizeoak ez du autobusik jarriko. Trenean joatera animatu nahi zaituztegu!

Bestetik, aurten ere badugu beste pizgarri bat: Lizeoko ikasle talde batek parte hartuko du, azken urteen antzera, Erronka izeneko proban. Hortaz, Kilometroen egunean beraien inguruan animatuz ibiltzea ikaragarri eskertuko dute.

Eta hirugarrenik, bada parte hartzeko beste modu bat igandeari itxaron gabe: Gipuzkoako ikastolen festa laguntzea Klikmetroak ekimenaren bitartez. Klikmetroak.kilometroak.eus webgunean sartu eta bisitari bakoitzak metro bana egitea da helburua; eta hala, bisitariek egindako metro bakoitzeko, babesleek dirua jarriko dute Kilometroen alde. Egin zure metro birtuala!