ERREFERENTE EUSKALDUNAK KIROLEAN

Pasaia osorik bizitzeko kanpainaren baitan, gure barrutietako haurrek saio bereziez gozatzeko aukera izan dute eskola orduz kanpoko jardueretan. Izan ere, Pasaiako Udalak haur eta nerabeekin aritzen diren herriko elkarteen lan saioetara kirolari erreferente euskaldunen bisitak antolatu ditu hiruhileko honetan.

Real Sociedad Fundazioaren laguntzari esker, adibidez, Mikel Aranburu eta Jon Ansotegi Realeko jokalari ohiak Trintxerpeko eta Don Boscoko futbol zelaietan izan ziren apirilean. Pasaia eta Trintxerpe futbol taldeetako jokalari gazteenekin eskuz esku entrenatu zuten, eta haien jakituria apal bezain goxo helarazi zieten txikiei futbol zelaian. “Lortu genuen entrenamendu guztia euskaraz egitea!”, nabarmendu du Lizeoko 4. mailako ikasle batek, esperientziaz galdetuta. “Don Boscoko lan saioan oso eguraldi txarra egin zuen, baina entrenamendua oso ona izan zen Aranburuk eta Ansotegik martxa gehiago sartu zigutelako eta modu ezberdinean entrenatu genuelako”, erantzun du beste batek.

Martxoan, halaber, Xabier Santxo pilotari erdi profesionala Antxoko Ibaiondo frontoian izan zen, Pasaiako Pilota Eskolaren lan saio batean. Usurbilgoa ere jator eta gertu aritu zen haurrekin; eta jakina, euskaraz beti.

 

Jarraian ikus ditzakezue aipaturiko saioei buruzko hainbat argazki.