Ei lagun! 

Euskarak ere goxo egon nahi du etxean.

Begira, begira zenbat gauza ikusteko, ikasteko eta jolasteko!

IKASLE HERBEHERETARRAK, GURE ARTEAN

   Atzodanik, hilak 12, Herbehereetako 18 ikasle daude Lizeoko Batxilergoko lehenengo mailako beste hainbeste ikasleren etxeetan. Astebete emango dute gurean, datorren ostegunera arte, Lizeoak Roermond hiriko Bisschoppelijk College Broekhin institutoarekin elkarlanean antolaturiko Eskola Trukearen 14. aldiaren baitan.

   Gure ikasleek urtarrilean han egin bezala, ikasle herbeheretarrek ekimenez beteriko egitarauaz gozatuko dute aste honetan, beti ere gure ikasleen laguntzarekin. Gaurko goiza, adibidez, Lizeoa ezagutzeko baliatu dute; halaber, Euskal Herriari, euskarari eta euskal pilotari buruzko eskolak jaso dituzte. Arratsaldea, berriz, Donostian igaroko dute, eguerdian Donibaneko elkarte batean bapo bazkaldu eta gero.

   Larunbata, aldiz, Bilbon pasako dute; eta etzi, igandea 15, sendi euskaldunekin igarotzeko eguna izango da.

   Datorren astean, bien bitartean, gure badia, Olite edota Iruñea ezagutuko dituzte, eta, era berean, arraunean aritzeko nahiz hemengo jaki goxoak dastatzeko parada izango dute.

   Egonaldiaren puntu gorena iritsiko da asteazkena 18an iritsiko da: kultur ekitaldia edo cultural evening delakoa. Egun horretan, ikasle herbeheretarrek haien kultura, hizkuntza eta ohiturei buruzko saioa eskainiko diete trukean parte hartzen ari diren ikasle eta sendi euskaldunei. 18:00etan hasiko da ekitaldia, eta, estreinakoz, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan izango da. Hortaz, gure hezkuntza komunitateko partaide orori nahiz gure bailarako herritar guztiei aretora hurbildu eta ikuskizunaz gozatzeko gonbitea luzatzen diegu.

   Azkenik, biharamunean, osteguna 19, etxera itzuliko dira ikasle herbeheretarrak.

   Egonaldiak iraun bitartean, Lizeoko ikasleek egunerokoa idatziko dute Eskola Trukearen blogean: www.eskolatrukealizeoa.wordpress.com

   Lerro hauen bitartez, beraz, eskola truke honen garrantzia eta balioa azpimarratu nahi ditugu. Ziur gure ikasleek, haien sendiek nahiz ikasle herbeheretarrek etekin handia aterako diotela esperientziari!