Lizeo Eguna 2014: Egitaraua

Urtero bezala, iritsi da gure hezkuntza komunitate osoaren festa handia: Lizeo Eguna! Apirilaren 6an izango da aurten; ohiturari jarraituz, Aste Santuko oporren atarian.

11:45ean hasiko da ospakizuna, HH, LH eta DBHko ikasleek Donibaneko kiroldegian egingo duten emanaldi handiarekin. Hortxe dabiltza ikasleak eta irakasleak, lan eta lan, ikuskizun ederra eskaintzeko asmotan. Behobia-Donostia lasterketa izango da gaia, kirol proba famatu honek 50. urtemuga baitu aurten. Hala, urduritasuna, oinazea edota alaitasuna bezalako sentimenduak antzeztuko dituzte gure ikasleek.

Ekitaldiaren baitan, halaber, Batxilergoko 2. mailako ikasleak izango dira omenduak, bai eta ikasle promozio ohi bat ere; 1978ko promozioari dagokio aurten, hain zuzen.

Festak Lizeoko eraikin nagusian izango du segida, bazkariekin: 13:30ean haurrena, 14:30ean helduena.

14:30etik 17:00etara, berriz, jolasak izango dira; eta 17:00etatik 19:00etara, dantzaldia Ainara DJarekin.

Gure hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztiok elkartzeko eta gozatzeko festa biribila, beraz.

Bazkarirako txartelak eskuratzeko nahiz haurtzaindegi zerbitzuaz baliatzeko, arren, Lizeoko eraikin nagusiko idazkaritzara jo behar da. 

 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Aurrekoan aurreratu bezala, aurtengo Lizeo Eguna apirilaren 6an ospatuko dugu. Egitaraua ere aurreratu genizuen, eta oraingo zirkular hau hura biltzen duen esku-orriarekin bidaltzen dizuegu.

Bazkariaren menua ere aurreratu genizuen, baina, badaezpada ere, berriz bidaltzen dizuegu:

HELDUAK
Ordua: 14:30
Menua:  12,5 €
Barazki menestra
Biribilkia saltsan patata purearekin
Trufa tarta
Kafea
 
HAURRAK
Ordua: 13:30
Menua: 6,5 €
Makarroiak
Oilasko bularkia entsaladarekin
Izozkia
 

Badakizue, bestalde, zein den bazkaltzeko txartelak eskuratzeko era: KUTXABANKeko 2095.5089.54.1061799465 kontu korrontean sartu behar duzue dirua, eta bertan emanen dizueten ordain-agiria Lizeoko idazkaritzan edo Haur Hezkuntzetako ikastoletan aurkeztu behar duzue. Txartelak hartzeko epea apirilaren 2an, asteazkenarekin, amaituko da.

Kontuan izanik auto pilaketek sortzen ahal dizkiguten problemak, Lizeo Egunean garraio publikoa erabiltzera animatu nahi zaituztegu.

Besterik gabe, elkarrekin egun polita pasako dugulakoan, hartu gure agurrik zintzoena Artezkaritza Kontseiluaren izenean.