KIKE AMONARRIZEN HITZALDIA PASAI DONIBANEN

Ostegun honetan, hilak 15, Kike Amonarriz soziolinguista eta telebista aurkezle ezagunak hitzaldia emango du Pasai Donibanen, bertako Prest! euskara taldeak antolatuta. XXI. mendeko sanjuandar euskaldunak. Nola aldatu(ko) diren gauzak, kamarada! izenburua du solasaldia, eta 19:30ean hasiko da Victor Hugo etxean.

Pasaiako Euskararen Plan Estrategikoaren lanketaren baitan sorturiko taldea da Prest!, eta lan handia egiten ari da euskararen normalizazioaren alde San Juango barrutian. Hain justu, antolatzaileen esanetan, “saio parte hartzailea izango da, eta Kikeri gure kezkak eta galderak plazaratzeko aukera izango dugu”.

Euskararen aldeko ekimen oro bultzatzen dugun neurrian, Lizeoak bat egiten du ekintza honekin. Hala, gure hezkuntza komunitate osoari hitzaldi interesgarri honetara joateko gonbitea luzatzen diogu.