ZIENTZIA MUNDUA GERTUAGOTIK EZAGUTZEKO AUKERA BIKAINA

Urtero bezala, ikasturteko lehen hiruhilekoan, eta Donostia International Phisic Centerrek antolatuta, erkide osoko ikastetxeak zientzialariekin solasean aritzeko topaketetan parte hartzera gonbidatua izan da gure ikastola.

Urriaren 30an izan zen topaketa, Donostiako Kutxaespazioan. Ikastetxe bakoitzetik Batxilergoko lau ikasle joan zitezkeen gehienez, eta Haizea Moreno, Ayla Studer, Nora Gondat eta Urtats Garcia izan ziren gure ordezkariak, ikastolan izena eman zutenen artean zozketa egin eta gero.

Zientzialariei dagokionez, hiru izan ziren gonbidatuak:

- Alber Fert: magneto-erresistentzia erraldoia (GMR) delakoa aurkitu zuen burdin eta kromozko multigeruzetan. Aurkikuntza horren ondorioz, 2007ko Fisikako Nobel saria jaso zuen.

- Pilar Hernandez: partikulen oinarrizko fisikan aditua. Etorkizunean neutrino eta antineutrinoen oszilazioen asimetria neurtzeko proposamena da bere lanik nabarmenetako bat.

-Angela Nieto: bere ikerketa taldeak arreta jarria du zelulen mugimenduak erregulatzen dituzten mekanismoetan. Bere ekarpenik nabarmenena, enbrioi garaian organoen eraketa baldintzatzen duten gene eta mekanismoak identifikatzea.

Ikasle eta irakasle parte hartzaileei harrera egin ostean, topaketa 10:30ean hasi zen, eta hiru orduko iraupena izan zuen, hamaiketakoa egiteko atsedenaldia barne. Lehen zatian, ikerlari gonbidatuak izan ziren protagonistak: haien zientziarekiko grinaz, beren ibilbide pertsonalaz eta zientzialari gisa izandako esperientziez mintzatu ziren.

Bigarren zatian, berriz, ikasleek aldez aurretik prestatutako galderak egin zizkieten zientzialariei; itaunak zozketa bidez aukeratu zituzten, momentuan bertan. Adituen jarduerari buruzko galdera zehatzez gain, zientziaren jardunari buruzko galdera orokorrak nahiz galdera biografikoak egin zituzten ikasle parte hartzaileek.

Gure lau ikasleak ez ezik, Lizeoko irakasle Mikel Gil ere izan zen Kutxaespazioko jardunaldian. Bere esanetan, “jarduera interesgarria izan da, eta zientzia mundua gertuagotik ezagutu ahal izateko aukera paregabea ikasleentzat”.