‘HERRILANA’, EUSKARARI PUZKA KANPAINA MARTXAN

‘HERRILANA’, EUSKARARI PUZKA KANPAINA MARTXAN

Abian da Errigora ekimena, ohi bezala, bi helburu nagusirekin: batetik,

Nafarroako erriberako propio diren produktuak Euskal Herriko plazan jartzea eta, horrela, bertako nekazaritza indartzea; bestetik, Nafarroako eremu ez-euskalduneko euskalgintzari diru ekarpentxoa egitea.

Hala, 50 euroren truk, Nafarroa hegoaldeko produktuez osatutako kutxa bikaina eskura daiteke. Iaz bezala, bi kutxa daude aukeran, zuria eta beltza; biak ala biak, kalitate bikaineko produktuekin osatuak, baina desberdintasun nabarmen batekin: irabazien %25 euskarari bideratuko zaiola, herritar askoren lan boluntarioari esker.

LIZEOA, AURKEZPENEAN

Herrilana da, hain justu, aurtengo kanpainaren leloa, eta atzo, hilak 26, aurkeztu zen gure bailaran, Errenteria-Oreretan. Besteak beste, Ibon Muñoz eta Nekane Artola gure ikastolako ordezkariek parte hartu zuen aurkezpenean, eta Errigoraren eta ikastola proiektuaren arteko lotura nabarmendu zuten. “Ikastolak ere herrilanetik datoz. Ehunka izan gara Euskal Herri osoan euskaraz ikasi eta irakatsi ahal izateko hezkuntza sistema propio baten alde herrilanean aritutako guraso, irakasle eta herritarrak”, adierazi zuen Nekane Artolak. “Ikastolek ere herrilana dute oinarri. Herrilana, auzolana. Eta eskualde honetan ondo aski dakigu zer den hori, herrilanean oinarritutako ehunka ekimen gauzatu ditugulako”.

Gure hezkuntza komunitatean azaroaren 10era arte egin dezakegu kutxak erosteko eskaera. Ez galdu aukera!