Eskola Kirola 17-18

Urtero bezala, zuen seme-alabak Eskola Kirolean parte hartzeko aukera eskaintzera gatozkizue.
Aldundiak martxan jarritako E-1 programaren arabera eta Udaleko Kirol Sailarekin eta Oarsoaldeako Eskola Kiroleko mahaiarekin batera eramango dugu aurrera. Erakunde hauen guztien arteko elkarlanetik sortzen da aurrera eramaten dugun Eskola Kirola Programa (bideoa).
Uste dugu adin hauetan oso garrantzizkoa dela kirolak ematen duen talde ikuspegia ikasle guztiekin lantzea. Era berean, aukera ezin hobea da euskarak aisialdi esparrua ere harrapatzeko, ikastolak eskaintzen duen hizkuntza formala komunikatiboa izatea nahi dugulako.
Aurten ere, ikasleek aukera izango dute nesken taldeetan, mutilenetan edo talde mistoetan izena emateko.
Irakurri arretaz ondoko informazioa eta izena eman nahi baduzue formularioa bete irailaren 19rako. Gisa honetara ahalik eta era egokienean antolatu ahal izango dugu aurtengo Eskola Kirola.
Dena dela ere, irailaren amaieran, Eskola Kirola programaren inguruko bilera egingo dugu. Bilera honetara bereziki Eskola Kirolean lehen aldiz apuntatu diren ikasleen familiak deituko zaituztegun arren, guztientzat dago deialdia zabalik. Bertan landuko ditugu programaren ideia nagusiak, ikasturte honetako antolaketa eta iaz egin genuen inkestaren emaitzak. Bileran, gurekin batera izango dira Udaleko Kirol Teknikaria eta Oarsoaldeako eskola Kiroleko arduraduna.
IZEN EMATEA
INSCRIPCIÓN

Informazio praktikoa
Iker Vidal da aurten Lizeoko Eskola Kirolerako arduraduna. Horretaz gain, ekipo bakoitzak kirol hezitzailea bana izango du.
 Lehen Hezkuntzako 3. mailatik gorakoentzat antolatutako jarduera da.
 Benjaminen entrenamenduak (LH 3. eta 4. mailak) astelehen eta asteazkenetan izango dira. Alebinenak, berriz, (LH 5. eta 6. mailak) astearte eta ostegunetan.
 Etxerako autobusa 18:00etan izango da.
 Lizeoak ekipo bakoitzari ekipajea jarriko dio.
 Urritik maiatzera (biak barne) kobratuko den kuota 12,5 euro izango da. (Ekipajea eta garraioa barne hartuta daude)
 Izena ematean ikasturte osorako konpromisoa hartzen da.
 Gurasoek kirol hezitzailearen esanak errespetatu behar dituzte.