EUSKARAREN HERRIA, MUNDUKO HARRIBITXIA!

Aste honetan izango da abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna; eta, ohi bezala, eguna gogoz eta gogor ospatzera animatu nahi zaituztegu.

Gogoan izango dituzue, hain zuzen, guztion ekarpenarekin eta argazkiekin gure komunitatean iaz egindako bideoak. Politak bezain txukunak izan ziren, eta sarean bisita asko jaso zituzten. Aurten, ordea, saretik plazara egin nahi dugu salto, pantailatik kalera. Eta horretarako, euskararen aldeko txartel bat jarriko dugu etzi Pasaiako nahiz Lezoko komertzioetako erakusleihoetan. LH-5eko ikasle batek asmaturiko leloa du (idatzi honen izenburua, hain justu); marrazkia, berriz, Batxilergoko ikasle batek egina da. Ikastola, beraz, herrira hurbildu nahi dugu, eta gure kaleetan euskararen aldeko aldarria zabaldu.

Eta herriaz mintzo garela, egunotan Euskararen Egunaren karietara herri mailan egingo diren ekimenetan ere parte hartzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu. Donibanen, adibidez, Euskararen Astea antolatu dugu, herriko beste eragileekin batera, azaroaren 30etik abenduaren 3ra. Lezon, berriz, kantu saioa antolatu da abenduaren 1ean Gezala auditoriumean, 18:00etan.

Antxoko Zumardian, halaber, euskararen aldeko flashmob-a egingo da igandean, abenduaren 3an, 12:00etan. Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak antolatu du, haur eta gaztetxoen aisialdia euskaratzeko abian jarritako proiektuaren baitan. Lizeoa batzorde horren partaide ere bada, eta gure webgunean (www.lizeoa.eus) zintzilikatu dugun bideoaren bitartez ikas dezakegu flashmob-aren koreografia edo dantza. Horrez gain, ostiralean, abenduaren 1ean, entseguak egingo ditugu barrutiz barruti, 18:30ean hasita: Antxon, azokan; Donibanen, frontoian; eta San Pedron, frontoian edo Udal Aretoan.

Azkenik, Oarsoaldeko Euskararen komunitatean izena emanez ere ager dezakegu euskararen aldeko gure konpromisoa. Bakoitzak bere esparrutik eta bere neurriko konpromisoarekin euskararen alde eragiteko asmo irmoa biltzea baitu helburu proiektuak: www.oarsoarrak.eus/batetabat

Animo, beraz. Jarrai dezagun munduko harribitxia leuntzen!